XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Saharakiar herriaren alde.

Saharako herriaren alde.

(Osoko Bilkuraren erabakia)

(05/11.05.00.0013)

1996ko ekainaren 27an egindako ohizko osoko bilkurako ebazpena gauzatuz, agintzen da ebazpen hori Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.

ERAKUNDE ADIERAZPENA SAHARAKO HERRIAREN ALDE

NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpena dela-eta, alegia Saharako herrian autodeterminazio-erreferenduma egiteko prestatze-lanak bertan behera uzten dituen ebazpena dela-eta, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak ondorengoa adierazten du:

1.- Ebazpen hori gaitzetsi egiten duela eta 1991ko Bake Plana gordetzera eta Mendebaldeko Saharan berriro ere gerra nagusitzea eragoztera zuzendutako ekimen guztiekin bat egiten duela, gerrak hil-kopuru handia ekarriko bailuke, eta ezegonkortasun-faktore bat gehituko Magreben, aurretik jakin ezin daitezkeen ondorioak izango lituzkeena.

2.- Arduraturik dagoela Nazio Batuen eta MINURSOren sinesgarritasun-galerarengatik, Mendebaldeko Sahararako Bake Plana ezartzeko gai ez direla erakutsi baitute.

Bake Planaren porrotak eta horrek lurraldearen egonkortasun eta garapenean izango dituen ondorioek ere kezka sorrarazten digutela.

Salatu egin nahi dugula, halaber, nazioarteak Saharako herriaren eskubideak errespetarazteko ekintzarik ez burutu izana.

3.- Aintzakotzat hartzen ditugula Fronte Polisarioak Nazio Batuen Bake Planaren ezarpena lortze aldera egindako ahalegin eta kontzesioak, Saharako herriaren bidezko kausaren aldeko laguntza politikoa berrituz, proiektu horren azken emaitza dena delakoa izanik ere.

4.- Gatazkako bi aldeak diren Fronte Polisarioari eta Marokoko Gobernuari eskatzen diegu nazioarteko ikuskaritzapean zuzenean negoziatzeari ekin diezaiotela erreferenduma egitea eragozten duten oztopoak gainditzeko.

Era berean, uste dugu ezinbestezkoa dela NBEko Segurtasun Kontseiluak eta Europako Batasunak lehenbailehen aurrera eramatea ekintza eraginkor bat Bake Planaren porrota ekiditeko, Saharako herriaren eskubideak bermatuz eta Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideen bortxaketa eragotziz.

5.- Europako gobernuei dei egitea Marokorekin lankidetzan aritzeko baldintza bat ezarri dezaten, alegia Marokok errespeta ditzala giza eskubideak eta aplika dezala Bake Plana gardentasunez eta hauteskunde demokratikoen arauak betez.

Era berean, gure kezka adierazten dugu subiranotasuna lortzeko prozesuan murgildurik dagoen lurralde batean eragina duten arrantza-akordioak sinatu direlako.

6.- Marokori armak saltzeko akordioak geldiaraztea, argi baitago arma horiek Saharako gerran erabili ohi direla eta Magrebeko egoera ezegonkorrari bere hartan eusteko balio baitute.